Konpainia

DSC_0416_03_03

 

Astrolabium Teatroa antzerki-konpainia 2015ean sortu zen, Mikel Sarriegiren eskutik.

 

Egun, E, petrel! Julio Villarrekin solasean obra antzezten ari da. Antzezlan horren oinarrian Julio Villarren ¡Eh, petrel! Cuaderno de un navegante solitario liburua dago, Mikel Sarriegik moldatua. Liburuan, Julio Villarrek Mistral belaontzian egindako bidaia gogoangarria kontatzen da: 1968an Bartzelonatik abiatu eta, 38.000 itsas milia egin ostean, Donostiara iritsi zen 1972an, munduaren bira eginda. Arriskuz, gorabeheraz eta zirraraz betetako bidaia bat, askatasun-sentimenduaren bultzadaz egina.

 

Astrolabium Teatroaren lan honek Julio Villarren bidaia hura kontatzen digu, garai hartako eta egungo protagonistaren ikuspegitik. Lagun baten eta musikari baten eskutik, Julio Villar abentura hartara bultzatu zuten arrazoien berri izango dugu, haren nortasunean barneratuko gara, eta bidaia gogoangarri hartako zenbait pasadizo biziko ditugu. Gaur egungo Julioren nondik norakoak ere agertuko dira, orain egiten duen bizimodua eta haren bidaiak.

 

Ordubete inguruko lan honetan Julioren hainbat alderdi agertuko dira: batetik, mendizalea, abenturazalea eta nabigatzailea; eta, bestetik, Julio ameslaria eta poeta. Naturak eta Lurrak liluratuta bizi den pertsona ulertzen saiatuko gara, bai eta haizeak, izarrek eta ilargiak harengan sortzen dituzten sentimenduak ere. Gure bizimoduari eta egungo gizarteari beste ikuspegi batetik begiratzera gonbidatuko gaitu antzezlanak.

 

Obraren aurre-estreinaldia urriaren 30ean izan zen, Urnietako Saroben. Obraren estreinaldia urtarrilaren 3an izan zen, Albaola Itsas Kultur Faktorian, eta Euskaraz otsailaren 26an estreinatu zen, Hondarribian.

 

Fitxa teknikoa

Autorea: Julio Villar

Moldaketa eta zuzendaritza: Mikel Sarriegi

Jatorrizko musika: Iñaki Dieguez

Aktoreak: Mikel Sarriegi (Julio Villar), Álvaro Garayalde (laguna) eta Iñaki Diéguez (musikaria)

Zuzendari laguntzailea: Asier Oruesagasti

Ikuskizunaren zuzendaritzari laguntza: Hernán Gené

Eszenografia: Carlos Arruti eta Anabel Varona (Maushaus)

Jantziak: Ane Urtizberea

Euskarazko itzulpena: Itziar Otegi

Diseinu grafikoa: Pieza komunikazioa

 

Obraren dosierra